XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gero, ezpata-dantzai indarra emon jakenian, talde orretako naikurek ikasi eben dantza askea ederto egiten.

Ta gero be ikasten dabe orretariko batzuk; baiña sariketetara juateko ustean bakarrik ikasten dabela esan leiteke, beti galtza ta alkondara zuriz eta brusakaz jantzita, lenagoko lez jantzita.

Ainka puntetan edo biatz puntetan filigrana-utseko dantzia egiten dabe.

Ederto! Baiña beste gazte guztiak ezer be ez dakie.

Gitxi batzuk, banaka batzuk, ondo-ondo, ta beste guztiak bapez.

Aretxek ondo-ondo dakienak lez ez ikastekotan, ez dabela merezi uste dabe; ondo-ondo ikasi barik geratzia, sariketetarako aiña ikasi barik geratzia, dantzan ezer ez jakitea dala.

Kontu au ulertzeko, pelotiagaz bardindu geinke:

Len, biar bada, erri askotan pelotari batek ez eban urtengo, baiña erriko gazte guztiak ekien pelotan, ederto izerditu ta aldi on bat igarotzeko aiña.

Dantzan be bardin ziran gauzak: len, biar bada, erri askotan ez zan egongo sariketara juateko moduko dantzaririk, baiña igande ta jai guztietan enparantza guztiak beteta egoten ziran dantzan (dantzan eta baltziuan) egiten eben gazteekaz.

Axe zan gazteak dantzan egitea ta ez gaurkoa!

AURRESKUA

Aurrezkuazaz be zeozer esan biar dogu.

Ezagutu neban Ondarru'n aurreskua egiten zan denporia. Oneri be olako gauza guztiari lez, Franco'ren aginteak ekarri eutsan azkana.

Bai, ezpata-dantzari ta olako aldrak eratuta espetakulo lez danak zuriz jantzita inoiz ikusi izan dot aurreskua egiten.

Baiña len lez, gazte batzuk aldarte onian eguazalako, aurretiaz iñori ezer esan barik enparantzara juan eta aurreskua egiten, ez dot ikusi ta entzun be ez aspaldian Ondarru'n.

Len ez egoan orretarako egun jakiñik, baiña udako jai andietan urteten eben geienetan, San Juan, San Pedro ta olakoetan.

Baltziuko musikiaren txandia amaitu ta tanbolinteruak dantza askerako jotera joiazanian, mutil aldra bat sartuko zan enparantzan edo gizon gazte ezkonduak eta aurreskua egin nai ebela ta joteko orretarako soiñua eskatuko eutsen tanbolinteruari.

Beriala aguazilliak jendea alboetaratu ta tokia egiten eben eta joten asten zan tanbolinterua ta aurreskularia aurreskua egiten.

Eta ikusleen artian aukeratuko zituzten biar zituen neskak eta aurreskuak zituen dantza era guztiak (edo Ondarru'n oituten ziranak) egingo zituen: eta amaieran kale giran korren-korrenka enparantzatik urtengo eben eta an aurreko edaritegiren batera sartu, alantxe saltoka, zerbait edari fresko edatera, biar bada, ur gozoa.

Denpora areitan Panderito anaiak, (Pausto ta Jose Basterretxea) ume txiki batzun gurasoak, izaten ziran askotan aurreskua ataraten ebenak, aurreskulari ta atzeskulari lez.

Ba-egoan beste aurreskulari bat, famaua, Ondarru'n: Zizilio Badiola gaztea. A sariketetan ibilten zan. Orduan aurresku sariketa gitxi egoten zan. (Eta euskal jairik be ez asko).

Baten, Zumarraga'ko Euskal Eguna izan zan, Primo de Rivera'ren diktadura denporea zala uste dot. Eta berak irabazi eban aurresku sariketia.

Len esan dodan lez, euskaldun gauzen sariketa gitxi izaten zan eta orregaitik entzute andia eukiten eben aurresku sariketa arek.

Emen izan genduan gudan il zan, 28 urte inguru zituala.

DOLUA (LUTOA)

Len, ni adiñeko gizona eginda nengoala be bai, etxean umea ez zan iñor ilten ba'zan, lutua artzen eben euren familiakoak.

Ori, dolua edo lutua, geienbat, baltzez jaztea izaten zan, batez be andrazkoak.

Neska gazteak urte bete inguru egingo eben baltzez jantzita.

Andra adiñekoak, ta gizona edo ilten ba-jakon, bizi guztirako lutua artzen ebenak izaten ziran.

Gizonak be igande ta jaietako euken jantzi bakarra (trajia), baltzituta jazten eben.

Ba-nituan 50 urte neure ama il zanian, baiña tintatu egin biar izan genduzan, uda ta negu jai guztietan erabilten genduan jaka ta prakak.

Baiña lutua ez zan baltzez jaztea bakarrik.

Oraindik gogorragoa zan neska gazteentzat.

Baltziurako joten zan musika enparantzara ezin sartu eikezan urtebete inguruan.

Orduan ez egoan oraindik radio ta musika soiñua ataraten eban ezer.

>Au da musika bandiak ataraten eban soiñu entzuten zan bakarrik errian, eleizako organua kontuan artu barik.

Dolua euken neska gazteak, igande arratsaldetan, beti lez, euren lagunakaz kalean ibiltera urteten eben: baiña musikia joten asten zanian, danak musika enparantzara zuzenduten ziran eta dolua eukan neskia, (edo neskak) enparantzako petrillaren ondoan, kanpoko aldean, geldituko zan, barruan sartu barik.

Eta antxe baltziuan ebilzanei begira egongo zan.

Eta amaitzen zanian lagunak enparantzatik urteten eben eta kanpoan gelditu zanagaz alkartu ta ibilli nunbait, barriro musikia asi arte ta asten zanian, len lez, bera kanpoan gelditu ta beste lagunak enparantzan sartu baltziuan egitera.

Dolua euken neska gazteai arin ez jaken juaten urtea!.